• Portada
  • Noticias
  • EAJ-PNV eta PSE-K, adostasun politikoan oinarrituta, gobernu-akordio bat lo ...

PRENTSA
PRENSA

23/05/2016
EAJ-PNV eta PSE-K, adostasun politikoan oinarrituta, gobernu-akordio bat lortu dute udalean, egitasmo komun bat, hiri helburu bat eta herritarrekiko harremana hobetzea
“Modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa den Vitoria-Gasteiz eraikitzeko urratsak egin nahi dugu”
EAJ-PNV eta PSE-K, adostasun politikoan oinarrituta, gobernu-akordio bat lortu dute udalean, egitasmo komun bat, hiri helburu bat eta herritarrekiko harremana hobetzea

Euzko Alderdi Jeltzaleak eta Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerrak publiko egin dute Vitoria-Gasteizko Udalean koalizio-gobernu bat eratzeko erdietsi duten akordioa. Azken asteetan, José Antonio Suso, Araba Buru Batzarreko presidentea, eta Arabako PSE-EEren idazkari nagusi den Cristina González buru zituzten bi alderdien ordezkaritzak egitasmo komun bat negoziatzen aritu dira, hiri helburu bat eta herritarrekiko harremana hobetzea.

 

Bi alderdietako Arabako exekutibetako ordezkariek azpimarratu dutenez, “akordio honek hiriak bere potentzialtasun guztiak ahalik eta gehien aprobetxatzea ahalbideratuko du. Berriro ere erreferente bat izateaz gain, hobera egingo dute gizarte- eta bizikidetza-politikek, ongizateak eta bizi-kalitateak, mugikortasunak, kultura, kirol eta aisialdi arloko erakargarriek. Gizarte kohesionatuagoa lortzeaz gain, hobera egingo dute gure ehun ekonomikoari eta eskaintza turistikoari ematen zaion bultzadak eta horien garapenak.”

 

Akordioaren aurkezpenean honako hauek egon dira: EAJ-PNVren Araba Buru Batzarraren presidente del José Antonio Suso, Arabako PSE-EEren idazkari nagusi den Cristina González, Vitoria-Gasteizko alkate den Gorka Urtaran, Udalean bozeramaile sozialista den Peio López de Munain eta bi alderdietako gainontzeko zinegotziak. Bi alderdi politikoek 2015eko uztailaren 7an gobernagarritasun-akordio bat sinatu zuten. Orain akordio hori sendotu eta hobetu egin da eta zinegotzi sozialistak udal gobernura sartuko dira. Orotara bederatzi zinegotzik eratuko dute udal gobernua. Modu honetan, egonkortasun handiagoa lortu eta erronka berriei heldu ahal izango zaiela adierazi dute.

 

Erdietsitako akordioa hamar jarduera-ardatzetan oinarritzen da eta horien helburua askotarikoa, anitza, jasangarria, karbonoari dagokionez neutroa den eta kulturaren ikuspegirik bizia den hiri ereduaren eraikuntzan aurrera  egitea da. Horretarako, adostasun politikoa, zorroztasun, jarduera publikoaren eraginkortasuna, entzuteko borondatea eta herritarren parte hartzea goiburu izango dituzte. EAJ-PNV eta PSEren ustetan, honela baino ezin da eraiki modernoagoa, solidarioagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa den Vitoria-Gasteiz.

 

Ezinbestekoa izango da kudeaketa ekonomiko zorrotza, iruzur fiskalaren aurkako borroka, zerga erreforma orokorra eta herritarren parte hartzeari eta gardentasunari dagokienez  are gehiago sakontzea. Horiez gain, zerbitzu publikoak bermatzeko neurriak jaso dira: TUVISAko autobus multzoa berriztatzea,  uraren ziklo osoa hobetzea, garbiketa zerbitzua optimizatzea eta segurtasun esparruak sortzea.

 

Enplegua eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko politikak lehentasuna izango dira koalizio-gobernuaren jardunean. Horretarako honako neurri hauek jaso dira: jasangarria eta gizartearen ikuspegitik arduratsua den kontratazioa bultzatzea; tokiko enplegu planak garatzea; industrialdeetan jarduteko   plan integrala sustatzea; udalerriaren garapen logistiko garatzea. Jarraian aipatzen diren arloetan ere azpimarra jarriko du udal gobernuak: nekazaritza elikagaien estrategia, merkataritza, ostalaritza, etxe-birgaitzea, espazio publikoen berroneratzea, turismoa sustatzea, ekintzailetza babestea, eta talentua mantendu eta erakartzea.

 

Koalizio-gobernuak arreta berezia eskainiko dio bizikidetza eta gizarte-kohesioa sendotzeari, pertsona zaurgarrienekiko elkartasun printzipioan eta pertsona nagusienen arretan oinarrituta. Horretaz gain, berdintasun politikak garatuko dira eta laguntza publikoen kontrola areagotuko da.

 

Gaur publiko egin den akordioaren testuak honako hauen aldeko apustua egiten du, besteak beste: etxebizitzak eta hiriko auzoak birgaitzeko politikak; gizarte-alokairua; Salburua eta Zabalgana auzoetan Zerbitzu eta ekipamenduen Plana amaitzea;  Koroatze auzoko birgaitze planari bultzada ematea; hiriaren erdigunea biziberritzeko zenbait hobekuntza.

 

Garraio publikoari eta mugikortasunari dagokionez, apustu argia egiten da gaitasun handiko garraio publikoaren alde (tranbia eta BRTa). Era berean, honako hauen aldeko apustua egiten da: Mugikortasun Plana egokitzea Salburua eta Zabalgana auzoei zerbitzu hobea eskaintzeko eta hiriko gainontzeko lekuetan dituen ezaugarriak izan ditzan; AHT edo abiadura handiko trena Vitoria-Gasteizen integratzea eta lurrazpiko tren eta tranbia geltoki intermodala.  Forondako aireporturako 24 orduko jarduna, mugako ikuskaritza eta beharrezkoak diren langileak eskatzen dira, horrela bakarrik izango baita posible karga aireportu, aireportu industrial eta bidaiari aireportu moduan jardutea. Hori Aurreko guztiaz gain, mugikortasun aktiboa sustatuko da, oinezkoena zein bizikletan doazenena.

 

Hirigintza jasangarriarekin duten konpromisotik abiatuta, jeltzale eta sozialistek Hiri-antolamenduko plan orokorraren eguneratzea sustatuko dute, trinkoa, jasangarria eta pertsonen neurrikoa den hiria definituz. Hiri berde eta adimendunean aurrera egin nahi dute, informazioaren eta ezagutzaren teknologiak erabilita baliabide gutxiago eskatzen dituzten politika jasangarriagoak garatzeko.

Kulturari dagokionez, udal gobernu berriaren lehentasunen artean honako hauek aurki ditzakegu: Kulturaren inguruko Plan estrategikoa eta Eratzen zentroa martxan jartzea; Printzipal Antzokia eraberritzeko plana egitea; arte eta lanbide eskola sustatzea; tokiko sorkuntzari bultzada ematea; artista gazteentzako erakusketa zirkuitu bat martxan jartzea; Alberto Schommer zentro museoaren proiektua egitea. Kirol instalazioetan egin beharreko inbertsioen plana egingo da; Lakuabizkarra eta Zabalganan futbol zelai berriak eraikiko dira; kirol elektronikoa sustatuko da.

Gobernukideek erakunde arteko koordinazioaren alde egiten dute Arabarako eskaintza turistiko bateratu bat lantzeko, bisitatzen gaituztenek gure artean egun gehiago eman ditzaten. Halaber, kongresu azpiegiturak sustatuko dira eta turismo jasangarria, familiarra eta enologikoa landuko dira.

Baloreen sustapenari dagokionez, honako hauek dira helburuak: 2016-2019 hirurtekorako onartutako Garapenerako lankidetzari buruzko plana garatzea; IV Berdintasun Plana martxan jartzea; genero indarkeria arloan lan egiten duen udaltzainen taldea sendotzea;  familia etorkinetan jaiotako ikasleak hiriko bizitzan txertatzeko lankidetzan aritzea; Biktimen Memoriala babestea.

Era berean, EAJ-PNV eta PSE-EEk Vitoria-Gasteiz Euskadiko hiriburu gisa sendotzea adostu dute, hiriburutza kanona finkatuz, kultura eta ekitaldi esanguratsuak sustatuz eta Gasteiz Antzokiaren proiektua martxan jarrita euskarari bultzada emanez. Hori guztia Euskadiko gainontzeko hiri eta lurraldeekin lankidetza sustatuz.

 

Udal egiturari dagokionez, hiru arlotan antolatuko da. Batetik, alkatetza, arlo ekonomikoa eta funtzio publikoa. Bestetik, gizarte arloa eta udal administrazioa. Azkenik, hirigintza, ingurumena eta espazio publikoa.

GasteizNet



EAJ-PNV
Grupo Municipal de Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Udal Taldea

Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, Plaza Nueva, 1. 01001 Vitoria Gasteiz
Tlfno. 945 161 313 Fax 945 161 350

konfidentzialtasun KLAUSULA