• Portada
  • Noticias
  • Teknologia berrien Euskadiko epizentroa izango da Vitoria-Gasteiz asteburu ...

PRENTSA
PRENSA

08/10/2015
Teknologia berrien Euskadiko epizentroa izango da Vitoria-Gasteiz asteburu honetan
Informatikako arlo ezberdinetako zaletu eta adituen ezagutza elkartrukea bultzatuko du Araba Encounterrek, enpresa-ekimen berriei bidea irekitzeko
Teknologia berrien Euskadiko epizentroa izango da Vitoria-Gasteiz asteburu honetan

Teknologia berrien Euskadiko epizentroa izango da Vitoria-Gasteiz asteburu honetan, bigarren urtez ospatuko den Araba Encounter ekitaldiari esker. Hala adierazi du Iñaki Prusilla Gasteizko Udal Administrazioaren saileko zinegotzi-ordezkariak gaur goizeko prentsaurrekoan, eta pozik agertu da “informatika eta teknologia arloetan ezagutzak elkarbanatzera zuzendutako hitzordu” honi harrera egiteagatik.

 

Topaketak 450 ordenagailu eta 600 parte-hartzaile baino gehiago elkartuko ditu urriaren 10 eta 12 artean Iradier Arenan, eta lehiaketa nahiz jarduera ugari eskainiko ditu arte digital, software libre, hardware eta bideojoko arloetan. Partyaren helburu nagusia parte-hartzaileen arteko elkarlana sustatzea da, zaletu eta adituen artean. Euskaltel Konekta Fundazioko kide eta Araba Encounterreko antolatzaile Sabino San Vicenteren esanetan, ingurune kooperatibo honetan “ezagutza berriak ikasi eta irakasteko aukera dago”.

 

Zehazki, Euskaltel Konektako zuzendari Nerea Lupardok gogorarazi duenez, hiru euskal lurraldeetan gauzatzen diren informatika-bilguneetan enpresa-proiektu eta kolaborazio profesional anitz sortu dira. Lupardok adierazi du bere Fundazioa harro dagoela arabar ekitaldia bigarren urtez antolatu izanaz, eta jakinarazi du “euskal informatika-partyen sarea osatu egin dela, Araba Encounter, Gipuzkoa Encounter eta Euskal Encounter bateratuz”.

 

Euskadiko bigarren hitzordu handiena Euskaltel Konekta Fundazioak antolatu du Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Gasteizko Udalaren babesarekin.

 

Arabako Foru Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatu Pilar García de Salazarrek nabarmendu du “orain arte pentsaezina zen abiaduran” nabigatu ahal izango dutela partaideek: segundoko 10 Gb-eko konexioa izango dute, iaz baino 10 aldiz azkarragoa. “Puntako teknologia” oinarri duen topaketa hau babesteak, Arabako eten digitala murrizteko aurrerapausoa dakarrela aipatu du foru ordezkariak.

Doako prestakuntza-eskaintza zabala

Sabino San Vicentek Iradier Arenara gonbidatu ditu gasteiztarrak eta interesa duten herritarrak. Bertan, partyaren giroaz gozatu eta doako prestakuntza-eskaintza zabal batean parte hartzeko aukera izango dute, interes orokorreko hitzaldi eta tailer teknikoekin.

 

David Monterok, CEIA Arabako berrikuntza-industrialdeko zuzendariak, Enpresa Digitalak eskainiko dituen ikastaroak aurkeztu ditu Araba Encounterren. Tailerrek teknologia alorreko gai ugari jorratuko dituzte; besteak beste, ekintzailetasuna, smartphone-ei probetxua ateratzeko gakoak edota web garapena. Bai parte-hartzaileek bai bertaratzen diren bisitariek entitate publiko honek enpresa-egitasmo berriak garatzeko eskaintzen dituen laguntzak kontsultatu ahal izango dituzte.

 

+INFO: Araba Encounter

GasteizNet



EAJ-PNV
Grupo Municipal de Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Udal Taldea

Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, Plaza Nueva, 1. 01001 Vitoria Gasteiz
Tlfno. 945 161 313 Fax 945 161 350

konfidentzialtasun KLAUSULA