• Portada
  • Noticias
  • Urtaranek Gasteiz berrirako bere proiektua aurkeztu du, auzoz auzo sortutak ...

PRENTSA
PRENSA

05/05/2015
Urtaranek Gasteiz berrirako bere proiektua aurkeztu du, auzoz auzo sortutako programarekin eta egindako lanaren bermearekin
Ekonomia indarberritzea, enplegu duina, guztientzako eta kalitatezko zerbitzu publikoak eta auzoen biziberritzea, horiek dira EAJren proposamen nagusiak Euskadiko hiribururako
Urtaranek Gasteiz berrirako bere proiektua aurkeztu du, auzoz auzo sortutako programarekin eta egindako lanaren bermearekin

Gasteizko alkatetzarako EAJren hautagaiak, Gorka Urtaranek, gaur goizean aurkeztu du Gasteiz berrirako bere proiektua. Auzoz auzo eta proiektuz proiektu ondutako programa da eta EAJko Udal Taldeak azken legegintzaldi honetan egindako lanean bermatuta dago. “Gure hauteskunde programak ez ditu gasteiztarrekin hurrengo urteetarako hartu genituen konpromisoak bakarrik biltzen. Gaur inoiz baino beharrezkoagoa dugu egindako lanaren kontuak ematea. Egitateak ditugu berme. Egitateek erakusten dute konpromiso argia daukagula Gasteizen alde eta politika egiteko beste modu baten alde: adostasunaren eta lankidetzaren politikak bidea eman du hiriaren eskariei erantzuteko eta PPren kudeaketa txarrak edo aurreikuspen eta plangintza faltak ekarritako arazoak konpontzeko”, gogorarazi du Urtaranek.

 

Horren harira, EAJk Euskadiko hiribururako proposatzen dituen ekintzak aletu baino lehenago, udal oposizioko buruzagiak azpimarratu egin ditu bere taldeak legegintzaldi honetan bultzatutako akordio nagusietako hiru: Salburuko, Zabalganeko, Urrezko Auzoetako eta udalerriko landa eremuko Ekipamendu eta Zerbitzuen Plana; 2013ko eta 2014ko bi aurrekontu-akordioak, eta hiriburutza kanonaren bitartez Gasteiz EAEko hiriburu gisa onartzea. “Arduraz jokatu dugu, gasteiztarren beharrizanetarako erantzunak lehenetsiz desadostasun politikoen edo alderdikerien gainetik. Politika positiboa egin dugu, eraikitzailea, batzeko eta ez zatitzeko, eta horrelaxe jarraituko dugu”, azpimarratu du alkatetzarako EAJren hautagaiak.

 

Eusko Alderdi Jeltzaleak Gasteizerako egin duen hauteskunde programak 7 konpromiso orokorretan laburbiltzen du Gorka Urtaranek garatu nahi duen hiri eredua: enpleguaren eta ekonomiaren hiria, gizarte kohesioaren eta giza garapenaren hiria, birgaitzearen eta auzo arteko orekaren hiria, hiri adimenduna eta berdea, hiri gardena eta parte hartzekoa, hiri hezitzailea, kulturala, sortzailea eta euskalduna, eta mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren hiria. “Krisi honen ondoren sortuko den eredu sozial eta ekonomiko berrian hiria ondo kokatuta egon dadin nahi dut. Hiri modernoa eta erakargarria, ekonomia sustatu eta kalitatezko enplegu egonkorra lortu ahal izateko. Nik defendatzen dudan Gasteiz hirian pertsonek benetako eskubidea izango dute duintasunez bizitzeko, kalitatezko zerbitzu publikoekin, eta autonomiaz bizi ahal izango dira, bizikidetzarako eta elkarlanerako toki egokietan. Gasteiz adinekoekin atsegina den hiri gisa hazi dadin nahi dut. Pertsona nagusi bakar bat ere ez dadila bizi laguntzarik gabe edo bakarrik, berak horrela nahi ez badu. Nik defendatzen dudan hirian ez da lurzoru gehiago kontsumituko, aitzitik, finkatutako hiria birgaitu eta bete egingo dugu, betiko auzoak indarberrituz, gure oroimen bizia osatzen dute-eta. Ingurumenaren eta mugikortasun iraunkorraren aldeko konpromisoa daukan Gasteiz hiria nahi dut”, azaldu du Gorka Urtaranek.

 

Zazpi konpromiso horiek gauzatze aldera, Gasteizko alkatetzarako EAJren hautagaiak gobernatzeko era berri bat proposatzen du, zorroztasuna, gardentasuna, adostasuna, akordioa, elkarlana eta herritarren bakarkako zein taldeko parte-hartzea oinarri dituena. “Adostasunak batzeak, hiria sustatzeko akordioak lortzeak eta koordinatzeak hiriarentzako eta pertsonentzako emaitza positiboak bermatzen dituzte. Proiektu faraonikoen garaia amaitu da eta lehendik badaukaguna hobetzeko eta osatzeko ordua heldu da. Orain oreka ezarri behar dugu, udalerriaren eraldaketa horretarako zimenduak ezarri behar ditugu. Hiri eraberritua, aktiboa, denontzakoa, etorkizunari ilusioz begiratzen diona”, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

 

Gasteiz hiriaz harro: atzo, gaur eta bihar

 

EAJren hautagaiak aurkeztutako programaren muina honela laburbiltzen da: “Harro gaude lehengo eta gaurko Gasteiz hiriaz, PPk azken urteotan eman duen irudi negatiboa gorabehera. Lan egingo dugu hurrengo belaunaldiak ere harro egon daitezen euren hiriaz, euren udalerriaz, etorkizunean. Nahi dugu Gasteiz berriro izan dadin Estatuan eta nazioartean erreferentea bere gizarte politikengatik, bere ingurumenagatik, bere ongizate eta gizarte kohesio mailengatik. Zorte handia izan dut, nire bizitzako gauza garrantzitsu guztiak hementxe gertatu zaizkidalako, Gasteizen. Hemen jaio eta hazi nintzen, hemen bizi naiz familiarekin eta hemen gozatzen naiz adiskideekin”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

 

Helburua da “politika egiteko beste era hori udalerriko txoko guztietara eramatea eta erantzun zintzo, argi eta eraginkorra ematea bizilagunen eskariei, ideologia, generoa, arraza, jatorria edo erlijioa bereizi gabe”. Hala, bada, EAJko taldeak kontuan hartu ditu bizilagunen eta gizarte kolektiboen eskakizunak, horietako asko urteetan zehar behin eta berriz azaldutakoak, hiriko Gizarte Kontseiluan, lurralde kontseiluetan eta sektorekako kontseiluetan aurkeztutakoak, bai eta 500dik gora pertsonak adierazitako beharrizanak ere, Gasteizko EAJk pertsona horiekin bilerak egin baititu diagnostiko zehatzagoa egiteko eta hiriaren beharrizanen neurrira prestatutako konponbideak eskaintzeko.

 

Hautagaitza jeltzalearen hauteskunde programan ekintza zehatzak jaso dira zazpi konpromisoetako bakoitzerako, Gasteizko auzoen eskariak kontuan izanik. Alde batetik, EAJren hiri eredua zeharkako ekintza sorta batean gauzatzen da. Hiri osorako ekintzak dira, eta honako hauek nabarmentzen dira horien artean: Adoslan Berria (itun handi bat eta beraren estrategia, ekonomia biziberritzeko eta enplegu duina sortzeko), Industrialdeetan Esku Hartzeko Plana, Industriarako Laguntza Logistikoko Zentro Multimodala Jundizen, VIAP proiektuaren lehenengo fasea Forondan, gazteak eta langabeak Laneratzeko eta Birkualifikatzeko Plana, Vitoria Smart & Green Capital, merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko programak, 3 B-ko hirigintza eredua (etxebizitzen eta industria instalazioen birgaitzea, eremu publikoen berroneratzea eta gizarte bizitzaren zein merkataritzaren biziberritzea) ezartzea betiko auzoetan, kaleak eta eremu publikoak hobeto mantentzea, Guztientzako Aparkalekuen programa, baliabide naturalen eta hondakinen kudeaketa hobetzea, fracking-aren eta Garoña berriro zabaltzearen aurka gogor egitea, energia berriztagarrien erabilera sustatzea, eta udalerriko turismorako zenbait proiektu estrategiko, beste proposamen batzuen artean.

 

Gainera, Eusko Alderdi Jeltzaleak bere konpromisoen zati nabarmen bat eskaintzen die pertsonei, udal jardueraren ardatz nagusi baitira”. Adinekoen bakardadearen aurkako Plana, adineko edo mugikortasun urriko pertsonen etxebizitzak hobetzeko programa, Etxebizitza bakar bat ere ez Igogailurik Gabe plana, pobrezia mota berriei arreta jartzeko neurriak, gizarte etxeak berreskuratzea auzoko topagune sozial, kultural eta sortzaile gisa, Udala familiekiko erantzukizuna duen entitate bihurtzea, eta adineko, gazte eta familientzako zeharkako ekintzak azpimarratu behar dira EAJren proposamen sozialenen artean.

 

Tranbia Salbururaino, Zabalganeraino eta unibertsitateetaraino, TUVISAren erreforma mugikortasunaren agentzia gisa, hiriko garraiobideak eta aparkalekuak koordinatu ditzan, eta bizikletaren erabilera sustatzeko planak. Horra hor, beste ekintza batzuen artean, EAJk defendatzen duen mugikortasun iraunkorraren eta multimodalitatearen ereduaren ardatzak.

 

Kulturak, euskarak, hezkuntzak eta sormenak osatzen dute Gorka Urtaranek aurkeztutako programaren beste ardatz bat. “Kultura, sormena eta gure nortasun-errealitatea ere giltzarri dira eraikuntza horretan, hiriaren eraldatze berri horretan. Kultura garapena, balioen eredu partekatu batekin bat datorrena, guretzat ardatz estrategikoa da, lortu nahi dugun hiri eredu horren aldeko konpromiso bat, non Udalak eragile eta laguntzaile izan behar baitu, ez oztopo”, azaldu du Gasteizko alkatetzarako hautagai jeltzaleak. Ildo horretan, EAJk honako hauek proposatzen ditu, beste proiektu batzuen artean: Eratzen Kultura Zentroa sortzea, Gasteiz, hiri hezitzailea programa, Arte eta Lanbide Eskolaren balioa agerian jartzea, Gasteiz Antzokia biziberritzea, eta euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekintza, hala nola Euskal Antzerki Jaialdia edo euskarazko Haur eta Gazteentzako Liburuen Azoka.

 

Zazpi konpromisoetako bakoitzerako jasotako ekintzez gain, EAJren programak badu auzo bakoitzerako proposamenak dakartzan eranskina ere. Hori guztia ikusgai egongo da haren webgunean eta gizarte sareetan, gaurtik bertatik hasita.

 

Ekintza horiek guztiek, EAJren esanetan, kudeaketa eredu gardena eta parte hartzekoa dute oinarri. Eredu hori legegintzaldi osorako Gardentasun Planaren bitartez bideratuko da. “Udala zerbitzu-emaile bat baino askoz gehiago da. Administrazioa da herritarrekiko harremanetarako eta elkarrizketarako, konponbideen bila denok parte hartzeko gunea. Gasteizen bizi garenok ezagutzen dugu ondoen hiria. Hiriko hartzaileak eta subjektu aktiboak gara, parte hartzeko gogoa daukagu eta autokritikarako gauza gara. Jendea, oro har, politikarekin etsita dabil eta ustezko ustelkeria kasuekin nazkatuta. Horrek asko kezkatzen gaitu. Horregatik, are beharrezkoa dugu herritarren parte hartzea. Nire ikuspegitik, ez da kontrolatzeko modu bat bakarrik, aitzitik, kudeatzeko formularik eraginkorrena da, errazago heltzen delako herritarren arazoetara eta konfiantza giroa sortzen delako. Lankidetzazko lidergoan oinarritutako kudeaketaren alde apustu egiten dugu, udal politika onbideratzearen alde. Politika egiteko era berri baten aldeko konpromisoa hartu dugu. Adostasuna eta gardentasuna ditu oinarri, umiltasunean eta zintzotasunean oinarrituta dago”, esan du azkenik Gorka Urtaranek.

 

Gasteizko alkatetzarako EAJren hautagaiak baieztatu duenez, Gasteizerako aurkeztu duen programan jasotako proiektua “hiri proiektu argia da, patxadaz pentsatua, partekatua eta proposamen errealistak egiten dituena. Proiektu faraonikoen garaia amaitu da eta lehendik badaukaguna hobetzeko eta osatzeko ordua heldu da. Orain oreka ezarri behar dugu, hiriaren eraldaketa horretarako zimenduak ezarri behar ditugu”.

GasteizNet


AGENDA

  • 04/04/2020 08:30

    Entrevista - Elkarrizketa Radio EuskadiRadio Euskadi

    Gorka Urtaran

Ver toda la agenda


EAJ-PNV
Grupo Municipal de Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Udal Taldea

Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, Plaza Nueva, 1. 01001 Vitoria Gasteiz
Tlfno. 945 161 313 Fax 945 161 350

konfidentzialtasun KLAUSULA