• Portada
  • Noticias
  • Zaramagako etxebizitza eraikin baten birgaitze integralari esker auzokoek % ...

PRENTSA
PRENSA

22/10/2015
Zaramagako etxebizitza eraikin baten birgaitze integralari esker auzokoek %70 energia aurreztuko dute
Alkateak eta Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuak eraikina bisitatu eta nabarmendu dute erakundeen eta jabeen arteko lankidetza dela bidea betiko auzoen biziberritze urbano eta sozialerako.
Zaramagako etxebizitza eraikin baten birgaitze integralari esker auzokoek %70 energia aurreztuko dute

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken sailburu Ángel Toñak Zaramaga auzoko etxebizitza eraikin bat –hiru atari– bisitatu dute gaur goizean, bertan egindako birgaitze integralari esker jabeek gastuen % 70 aurreztuko ahalko baitute berokuntza eta ur bero sanitarioan. Jabeen ekarpenaz gain, euskal administrazioaren, Gasteizko Udalaren eta Europar Batasunaren laguntza ekonomikoei esker egin ahal izan da obra.

Biasteri-Arabar Errioxako Taldearen kaleko 2., 4. eta 6.eko eraikinera egindako bisitan –Etxebizitza sailburuorde Covadonga Solaguren eta Visesako zuzendari nagusi Marcos Muro lagun zutelarik– Gorka Urtaranek eta Ángel Toñak nabarmendu dute erakundeen eta jabeen arteko lankidetza dela biderik egokiena betiko auzoen –”urrezko auzoak” deritzenen– biziberritze urbano eta sozialerako.

Izan ere, Euskadiko etxebizitzen % 42 1961. urtearen aurrekoa da. Gasteizen, zehazki, 116.000 etxebizitzatatik, 60.000 1980. urtearen aurrekoak. Hori dela  eta, askok ez dituzte energia-eraginkortasunerako gutxieneko irizpideak betetzen. Orobat, irisgarritasunari dagokionez gabeziak dituzte, eta kopuru handi batek ez du igogailurik. Euskadiko hiriburuan 14.000 etxebizitza dira horrelakoak, hau da, % 12.

Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiken Sailaren bitartez, eraikinak zaharberritzeko zenbait laguntza-ildo sustatu ditu, beren etxebizitzak birgaitzeko eta irisgarri bihurtzeko obrak egin nahi dituzten jabekideen erkidegoentzat eta partikularrentzat (Renove plana).

Udalak ere ematen ditu laguntzak, 21 Zabalgunearen bitartez kudeatzen direnak. Laguntzei esker hiru igogailu instalatzeko lanen zati bat ordaindu da, bai eta alderdi hauei dagozkienak ere: fatxada, zurgintza, beheko solairuko forjatu sanitarioa isolatzea, banakako galdarak aldatzea, estalkian panel fotovoltaikoak jartzea, elektrizitate hartuneak, etab.

Laguntza publikoak ia milioi bat euro izan dira. Horietatik 882.826 euro itzuli beharrik gabeko laguntzak dira: Udalak 206.695 euro jarri ditu; Eusko Jaurlaritzak, 559.308 euro, eta Europar Batasunak –Visesaren bidez– 116.785 euro. Beste 63.962 euro finantzatzeko laguntzak izan dira. Ramón Ruiz Cuevas eta Ismael Martínez arkitektoek zuzendutako birgaitzearen kostua orotara 1,3 milioi euro izan da, eta 30 etxebizitza sartu dira horren barruan.

Birgaitze integraleko proiektu handinahi hori 2011n abiarazi zen. Lau urteren buruan gauzatu ahal izan da, sustatzaileen pertseberantziari eta erakundeen sostenguari esker. Ahalik eta energia gehien aurrezteko, eraikinaren inguratzailea guztiz berritu da, lehengoa bistako adreiluzkoa baitzen, inolako isolamendurik gabea. Hori zela kausa, kondentsazio arazo etengabeak zituzten, eta barruko giroaren kalitatea eskasa zen. “Instalazio termikoak banakakoak ziren eta etxe batetik bestera alde nabarmenak izan arren, oro har ez ziren oso eraginkorrak, eta energia-kontsumo handia zuten”, azaldu du  Marcos Murok. Hark erantsi duenez, egindako lanei esker  jabeek gutxi gorabehera gastuen % 70 aurreztuko ahalko dute berokuntza eta ur bero sanitarioan. Proiektuak erabateko hobekuntza ekarri du energia-ziurtapenari dagokionez, “E klasea”  izatetik “A klasea” izatera igaro baita.

Aireztapen-sistema mekanikoa ere jarri da, bero-berreskuratzailearekin, eta instalazio termikoak hobetu egin dira, kondentsazio-galdaren bidez. Gainera, 3,6 kW-ko instalazio fotovoltaikoa jarri da, autokontsumorako, eta horri esker eraikineko elektrizitate kontsumoa murriztuko da. Hartara, komunitateak aurrezpen erantsia lortuko du elektrizitatean, eta horrekin aireztatze- eta argiztatze-kontsumoen zati bat berdinduko du. Etxebizitzen barruan korridoreetako sabaiak beheratu dira, erauzketa eta bulkatze zirkuituak instalatzeko. Zaramagako Biasteri-Arabar Errioxako Taldearen kaleko bloke hori “eraikin eredugarritzat” jo da, PIME´s europar proiektuaren barruan.

Enplegu eta Gizarte Politiken sailburuaren ustez, Zaramagan egindakoa “eredugarria izan da, bai ezarritako energia-helburu handiengatik bai auzokoek obraren fase guztietan emandako laguntzagatik”.

Alkateak, berriz, birgaitzea agintaldi honetan hiri kontsolidatuan egitekoak diren jardueretarako erreferentzia dela esan du. “Koroatzearen auzoa eredu ona izango da, bertan ikusi ahalko baitira lur kontsumoa eragozteko politika horren fruituak, ahalegin guztiak aurretik daukaguna hobetzera bideratuz. Horrela baino ez da lortuko auzo horiek behar duten biziberritze urbanistiko zein soziala, hiriaren bihotza baitira”.

Gorka Urtaranek auzo iraunkorragoak, eraginkorragoak eta bertan bizi direnentzat –bereziki adinekoentzat– erosoagoak lortzearen aldeko apustua aldarrikatu du. “Horrelako jarduerek argi erakusten dituzte iraunkortasun hirukoitzaren abantailak: ingurumenekoa, energia-eraginkortasuna hobetzen baita; ekonomikoa, hiriko enpresen sarea aktibatu eta lanpostuak sortzen baitira, eta soziala, auzokoen bizitza-kalitatea nabarmen hobetzen baitu”, amaitu du alkateak.

GasteizNet



EAJ-PNV
Grupo Municipal de Vitoria-Gasteiz
Gasteizko Udal Taldea

Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz, Plaza Nueva, 1. 01001 Vitoria Gasteiz
Tlfno. 945 161 313 Fax 945 161 350

konfidentzialtasun KLAUSULA